Mikel Irizar [EU]

Nire lagun batek dio sarri: “Maisua agertzen da soilik ikaslea prest dagoenean”.  Lehen aldiz entzutean, kosta egin zitzaidan esanahia erabat harrapatzea. Baina hor dago ideia, esaldia errepikatu ahala gero eta nabarmenago.

 

Hain juxtu, gerta daiteke norbait oso jakintsua izatea huntaz edo hartaz, eta urteen poderioz –eta bere gaiaren gaineko ezagutza metatuari esker– ingurukoek baino nabarmen gorago egotea jakinduriaren eskaileran, edo sakonago murgilduta ezagutzaren putzuan. Eta, hala ere, posible da besteek ez ikustea irakasle, ez erreparatzea haren jakinduriari.

 

Izan ere, norberak daukan balioa besteek estimatu eta nahi dutenean, orduan agertzen da maisutasuna, ingurukoen begiruneak eta miresmenak nabarmentzen dute inoren goi-maila.

 

Nago Iñigo Arregiri iritsi zaiola maisuaren une hori. Aspaldidanik da artista, lan asko eta bikainak ditu erakutsiak etxe inguruan bezala munduan barrena. Beti aitortu izan zaizkio ofizioa, dotorezia, sena, esku ona. Askok estimatu ohi dizkiogu bidean ezagututakoak.

 

Baina azken boladan zerbait ari da gertatzen berezia. Bat-batean, deskubritzen ari gara Iñigoren lana. Betea egiten zaigu, heldua, biribila, ederra. Izan eskultura ala pintura, erliebea edo lan grafikoa, inoiz baino argiago antzematen zaio arte-lan amaitua dela, eta ez ahalegin soila.

 

Hori gerta zedin, beharrezkoa izan da Iñigoren egoskortasun urte luzetakoa, noski, teknika lantzeko, eta ideiak, eta materialak. Baina, batez ere, Iñigo orain maisu ikusten dugu azkenean geu gaudelako prest haren lanez gozatzeko. Ikusleok heldu garenean, orduan aurkitu dugu aspaldiko artista aldamenean.

 

Gozatzea dagokio Iñigori, miresmenaren unea etorri zaionean. Eta gozatzea geuri, bere lan bikainei bihotzarekin so.

 

2008.10.20

 

– Mikel Irizar