Iñigo Arregi, eskultorea baino gehiago – Arantza Otaduy [EU]
Iñigo Arregi, eskultorea baino gehiago.
Iñigo Arregiren artelanetara hurbiltzen den edonork artista autodidakta eta jantzi batekin egingo du topo. Bere barneko irrikak eta zalantzak, eskura dituen teknika artistiko guztiekin irudikatzeko gai den artista da, eta, horri esker, sortzaile eta ideia transmititzaile bezala hazi egiten da.
Iñigok esperientzia eskaintza zabala aurkezten du eta, eratzen duen ikonografia berriari esker, bere suster euskaldun eta mondragoetarrak oroitzen ditu. Iñigoren lana indarrez betea eta hausnartua da. Modu, ia inkontziente batean, bere sorterriaren ondare kulturala irudikatzen duena. Inongo zalantzarik gabe, artista hau, XX. mende hasierako euskal eskultore handien oinordekoa da. Haiengandik ikasi zituen jatorriarekiko fideltasuna eta hutsa zizelkatzea. Baina, Iñigori esker, euskal eskulturak aurrera pauso bat ematea lortu du egunerokotasunera hurbilduz. Iñigok objektu arruntak arte bilakatzen ditu. Euskal eskultore gazteen eta Jorge Oteiza maisu handiaren bitarteko zubia da Iñigo Arregi, eta berari esker, artista gazteek oriotarraren lana ezagutzen dute.
Oteizarekin lotura nabarmenak ditu Arrasateko eskultoreak. Biei arduratzen die hutsak, bolumenek sortzen dituzten efektuak, betea eta zuloa. Eraikitzen dituen eskulturak hasierako pinturak gogorarazten dituzte, batez ere argiek eta itzalek sortzen dituzten joko kromatikoetan. Gainera, bere haztapeneko pintura eta grabatuek lotura ugari zituzten gaur egun sortzen dituen eskultura eta erliebeekin ere. Lehen eta orain artistaren geometriarekiko interesa, ertzen zehaztasuna eta gogortasuna eta kurben sentsualitatea antzematen dira.
Formek sortutako ballet bihurgunetsua.
Iñigoren obrak bi kontrakoen arteko lehia erakusten du, euskarri irmoen gizontasuna eta erremateko forma arinen emetasuna. Bien arteko besarkada iraunkorra da. Aurkarien betiko bakea sinatzen duen Brancusiren musua.
Eskultura horiek espazioa inbaditzen duen dantza erritmikoa irudikatzen dute. Energia transmititzen dute, Jacoben eskailera izango balira bezala. Karga elektrikoak artelanaren materiala zeharkatzen du eta airea elektrifikatzen du, euskarri batetik bestera mugitzen den izar-plasman bilakatuz, eta, ikuslearen aurrean, filigrana ederrak eraikiz.
Artelan hauetan material zurruna eta uniformea, material elastiko eta xaflakorrean eraldatzen da, ia likidoa. Eta, berau luzatu eta deformatu egiten da, inguratzen duen airearekin nahastuz.
Ezagutza maila berri baten igarotzea.
Eguneroko tresnak, bereziki, erakartzen dute Iñigo. Ateak, erromarak, leihoak eta giltzak dira, askotan, bere eskulturen eta erliebeen protagonistak. Guztiak irudikatzen dute iniziatuaren sarbidea, edo sarbide eza, ezagutza maila goren batera. Ate eta leihoek ikuslearen horizontea zabaltzen dute. Erromarek, berriz, goiko mailara igotzea eragozten diote. Gora igo ahal izateko, Iñigok sortutako giltzak erabili behar dira.
Ate eta giltzetan bistaratzen da Iñigok sorterriarekin, Arrasaterekin, duen lotura. Mondragoeko hiribilduko sarreretan dauden ate barrokoak dira, Iñigo, modu kontziente edo inkontziente batean, obra horiek egiteko inspiratzen dutenak. Antzeko zerbait gertatzen da giltzekin, Arrasateko ohitura sarrailagilearen oroigarri.
Erliebeei dagokionez, forma geometrikoez osatutako maila korapilatuen horizontera zabaltzen diren leihoak gogoratzen dute. Iñigo Arregik sortu, sortu eta sortu egiten du, artista bezala hobetzeko eta bere burua sakonago ezagutzeko.
Arte hipnotikoa.
Iñigoren arteak lotzen du, xurgatzen du, hausnartzera gonbidatzen du, artistak bere objektuekin transmititu nahi zuena imajinatzera eta aurresuposatzera gonbidatzen du. Kontuan izanda, batzuetan, objektu horiek sortzailearen sentimenduen edo biografiako pasarte hunkigarrien eraginez, estetika ideala irudikatzeko sortu zirela.
Iñigoren lan itzelak, ikuslearen garuna lanean jartzen du. Baina, bati-bat zirrara sortzen du. Obra horri esker artelanen aurrean kokatzen den pertsonaren espiritua elikatzen da. Iñigoren lanak objektu izatetik benetako arte adierazpen izatera pasatzen dira.
2012ko otsailaren 15a