Gorria! – Mikel Onandia [EU]

Gurutzatzen diren xaflak. Elkar egiten duten besoak. Ingerada sigi-sagatsuak. Planuen gainjartzeak. Sartu-irten etengabekoak. Itxura eta taxuera bihurriak. Altzairuaren azal suhar eta leuna. Gorria!

 

Txikitasunean intimo, handitasunean monumental dira Iñigo Arregi (Arrasate, 1954) eskultorearen lanak, akabera finekoak, baina artistaren eskua igartzen zaienak. Trazu organikoak eta zuzenak modu orekatuan uztartzen dira, espazioak ordenatuz, pieza zinez harmoniatsuei bide emanez.

 

Planu eta kontraplanuek, tentsioan eta lerro zuzen eta kurbatuekin jolasean, altzairuzko xafla ondulatuei arintasun efektua egozten diete, eskultoreak maisutasunez konbinatzen baititu geometria eta forma leunak, borobilduak. Espazio ireki eta zarratuek izaera arkitektonikoa dute oinarrian, egitura eta konposizio aldetik jeniala.

 

Eskulan erradikalaren emaitza, eskultoreak eraiki eta deseraiki egiten dituen estrukturen –izan korten altzaitua, izan egurra– muntatzeak ditugu, batzuk izaera sinboliko eta alegorikodunak –neurri batean kutsu totemikodunak–, beste batzuk formalak erabat, denak ere ñabardura eta xehetasunez beteak.

 

Eskulturen lengoaia berari jarraituz, erliebeen funtsa ere planuen superposizioa da, bolumena eta sekulako sakontasuna lortzeraino sarri, bidimentsionalitatea desafiatuz. Erritmo biziko lanak ditugu, elkarrizketan dihardutenak, dantzariak, biziki adierazkorrak, ederrak. Halaber, erliebeen kolorazio aberatsa –okreak, marroiak, gris argiago edota ilunagoak– desagertu egiten da lan tridimentsionaletan, materialeen izaera noblea agertzen baitute eskulturek, biluzik, atmosfera kromatiko orokorra apurtzen duten gorri biziko piezen kasuan izan ezik.

 

Materiale bakoitzaren ahotsa entzuten asmatuta, izan eskulturan –bai egurrean bai altzairuan– zein erliebeetan edo obra grafikoan, beti hizkuntza berbera darabil Arregik; ez du, ostera, berau agortzen, alderantziz, muturreraino daramatza mintzaira plastikoaren posibilitateak, sustrai lokaleko obra unibertsal bati bide emanez.

 

Airearekin jolasean, lengoaia intuitiboa ondu du arrasatearrak, estetikoki potentea zinez, baliabide espresibo indartsukoa, espirituala –ia mistikoa– baina hurbila oso, kutsu liriko nabarmenekoa materialen izatezko astuntasunaren baitan.

 

Iñigo Arregiren artelanek galderak jaurtitzen dizkiote ikusleari. Ez itaun arrazionalak. Formalak, sentsorialak, emoziozkoak baizik. Lanak bezala, abstraktuak. Erantzunekin topo egin guran jakin-minez den ikusleari begiratzen jarraitzera, behin eta berriro arakatu eta miatzera, gonbita egiten diote eskulturek.

 

Masen konjuntzioa. Oreka. Kurba eta kontrakurbak. Barrokoa. Forma dantzariak. Kontrasteak. Angelu zorrotzak. Egurra. Xaflen arteko enkontru misteriotsuak. Grafismoa. Rojo!

– Mikel Onandia Garate